Bi azterketa egin ditu Euskara eta Hezkuntza Sailak, eta Euskararen Aholku Kontseiluaren ekarpenekin osatu dira. Batetik, ESEP planaren arloz arloko diagnostikoa osatu da, azalduz zein den egoera arlo bakoitzean eta azken urteotan zer ekintza egin diren (eta zer ez). Bestetik, Tolosaren bilakaera demografikoari buruzko txosten bat landu da, eta bilakaera soziolinguistikoari buruzko beste txosten bat, datu estatistikoak oinarri modura hartuta.
Plan estrategiko berria diseinatzeko, zazpi interes-talde identifikatu dira, eta talde-eztabaidak egingo dira horiekin. Eskarmentudun aholkularitza-enpresa batek gidatuko ditu focus group horiek, saioei etekin ahalik eta handiena ateratzeko eta gakoak identifikatzeko.
Herritarrek eta eragileek egindako proposamenak aztertuko dituzte Euskara eta Hezkuntza Saileko teknikariek, haien bideragarritasunari eta egokitasunari dagokionez.
Diagnostikoa osatuta, ekarpenak jasota, plan estrategiko berria idatziko du Euskara eta Hezkuntza Sailak, eta Euskararen Aholku Kontseiluan aztertu eta kontrastatuko da. Behin Kontseiluaren oniritzia jasota, Osoko Bilkurak onartu beharko du.